Nire belarrietatik pasa diren kantuetatik, gutxik harritu naute Vainica Doblerenek bezainbeste. Beren diskografiako minutu bakoitza irakaspen bat da, aurreiritzien kontrako antidotoa. Harmonia eta konponketa bitxiak, hitz zorrotz eta liluragarriak, abesteko silabeatze librea… Librea, dena baita libre haiengan, konplexurik, modarik gabea. Nik ez dakit oraindik non sailkatu. Musikalki erreferentzia ugari dituzte baina, bost axola du horrek; Vainicaren musika ez da sonoritate, akorde edo hitz batzuen batura.
Joseba Tapia ez da trikiti-jotzailea, trikitilaria da, zentzu guztietan. Plazetako trikitilari, pop-trikitilari, alegia. Trikitia herritik jaso eta bere erara herriari itzuli diona. Aldaketak gustuko ez dituen herri kontserbadore honetan bazterketa ziurtatzen du horrela jokatzeak, baina Tapiak zorrotz ditu eskuak eta burua, argi helburuak. Eta hamaika disko temati, tematiko eta konplexubakoren artean Real Politik hau iruditzen zait biribilena. Kontrakoa esango digute, baina arrakasta ez da kopurutan neurtzen. Arrakasta da, kopiatze hutsetik harago, musika norberarena egiten lortzea.
Maddi Oihenart, Mixel Arotze, Mixel Etxekopar, Pierre Vissier
Arbaila
2002, Kultulan Diskak
Badira hainbat elementu disko honetan, entzun aurretik erakargarri bihur lezaketenak: Arbailako basoan grabatua, leizetan, zuhaizpetan, ahots eta tresna akustikoekin… baina ezaugarriok ez dute berez disko bat on bilakatzen. Honek, ordea, biltzen dituen melodia, landa-grabaketa eta errezitatuen aukeraketak eta soinu bereziak oso disko trinko eta koherentea osatzen dute. Kantu herrikoiek, berriek eta inprobisazioek bat egiten dute naturaltasun osoz, gure ahots preziatuenek eta musikari finenek bat egiten duten eran.