ahotsaren diktadura

euskara castellano english

Predikatzen dugunarekin desados bizi ohi gara. Batzuetan, horren jakitun, ezikusiarena egiten diogu edo zinismoz jantzi. Besteetan, oharkabean bizi gara horrela; eta aitzakia ezin ederragoa izaten da. Nik trepeta horri heldu beharko diot teorizatzen saiatzeko nire ibilbidearen inguruan, zehazki ahotsarekin dudan harremanaren inguruan, hori baita nire lanaren ardatza, nire bizitzaren garai honetan, bederen. Baina zaila izan zait beti teorizatzea, nire praktika usu horixe baita; praktika, teoria baino. Lehenik txirrina jo, eta ondoren begiratu atari egokian nagoen.

Hogeitaka urteotan piztu zaizkidan zalantzak ez dira gutxi, nire buruari egin dizkiodan kategorizazioak ere ez, eta are gutxiago zapaltzen ditudan eta nauten kontraesanak. Badut alibi ez txiki bat, hala ere, eta sinetsita nago horrek salba nazakeela: ez naiz geldi egotekoa, honekin eta harekin jarduna naiz, eta uste dut soilik gauzak egin ondoren eraiki nezakeela nolabaiteko diskurtso bat (eraiki nahiko banu) edo saia nintekeela arrazoitzen hartu ditudan erabakiak; atzerabegirakoan, orain ari naizen bezala. Kosta egingo
litzaidake alderantziz egitea, eta susmagarri suertatuko litzaidake. Gehiegitan irentsi ditut diskurtso sendoz maskaratuta sudurren aurrean jarri dizkidaten amuak.

zikiratua arte xede oro jakituriaz janzten
gurdi kotoizkoan zaitut eroango


Beraz, langile samarra naiz, musika ez dudan arren ogibide. Lanak jaten dit denbora nik zer jan eduki dezadan. Horrek erabat moldatzen eta baldintzatzen du edonoren praktika. Onerako eta txarrerako. Horrek eta bidean suertatzen diren egoeren aurrean zirt edo zart egin beharrak. Dena da erabakiak hartzea, etengabe.


Hori esanda, lehen kontraesana dator: ahots hutsean jardutea bai izan zela aurretik ezarritako abiapuntu bat, bakarka zerbait egingo banuen zuzenean. Baina, eta hau argi utzi nahiko nuke hemen, arrazoiak ez ziren batere hippy-earthy-lur-sustrai-sakon-arbaso-folklorikoak izan. Zerikusi handiagoa izango zuen, ziurrenik, unitate minimoenetik abiatzearekin.
Ordurako ahotsarekin lan egina nintzen Eten taldean, eta etxeko logelan hainbat esperimentu egiten eta grabatzen hasia nintzen. Lagunartean oso kantazaleak izan gara, eta hori guztia elkartuta, une batean sortuko zitzaidan ahots hutsez esperimentatzeko eta inprobisatzeko gogoa, eta beranduago kantuak egiteko behar bat. Folklorea berritzeko asmorik ez, ordea. Horretarako badago-eta misiolari ugari.
Eta hortik abiatuta, horretan sakonduz konturatu ahal da bat ahotsak praktikotasunean dituen abantailez. Axalkeriatan erortzeko asmorik gabe, bada zera bat aldean daramadana une oro, gidatu bitartean abesten dut, dutxa azpian ere abesten dut, harrikoa egitean; trenean jendea inguruan izanda ere, kapaz naiz bururatu zaidan ideia bat sakelako grabagailuari xuxurlan abesteko inor konturatu gabe. Eta eskerrak, harrapakin horiek izaten baitira pieza berri askoren ernamuinak etxera iristean.


Horrek kokatzen al du ahotsa beste tresnen gainetik? Ez nuke hori esango, ez du zeren; baditu-eta ezaugarri beharbada ez hain goraipagarriak… Tresna monofonikoa izan ohi da, denborarekin aldatuz doa, bezatzen saiatu arren ikasi behar da norberarena onartzen, maitatzen eta ahal bezala zukutzen, osasuna du eta zaindu behar da… Norberarena bakarra baita, transferiezina (to argudio sakona!). Tira, horrela idatzita goraipagarriak iruditzen zaizkit ezaugarriok ere.


Are estuagoa ahotsa, eta gureen harrabotsa

Hurrengoa esateko ez daukat froga zientifikorik, baina tira: ahotsa da burmuinetik hurbilen dudan musika-tresna, burmuinaren aginduak bizkorren exekutatzen dituena. Hurbilago dago ahoa eskuak baino. Irudipen hori dut, inprobisatzean behintzat, burmuinak agintzen didana supituki gauzatu dezakedala.


Baina ona al da hori inprobisatzeko? Segun. Batzuetan ez: garunaren kontrol handiegiz aritzen da batzuetan, eta nireak eta bi eman behar izaten ditut kontrol horretatik askatzeko, ahotsa ez dakien lotu-deslotu nahi dudan tinbre horri, bolumen horri, eta bereziki afinazio horri, hortxe sortzen baitira unerik interesgarrienak inprobisazioetan. Afinazioa eta atenperamentuaren eremuak iruditzen zaizkit joko-zelai emankorrenak, gaur-gaurkoz.


Adibide bat jartzeko, burmuinak eskuei agintzen dionean pianoa aliritzira jotzeko, badira ausazkotasun hori erabatekoa izan ez dadin burmuinak errazago goberna ditzakeen erabakiak: intentsitatea, abiadura, nota kopurua, tesitura, noiz isildu. Baina errazago egin diezaioke iskin harmoniari eta melodiari. Egoera berean ahotsak inprobisatu behar badu, hor nonbait dagoen tonalitate indartsuenari jarraitu nahi izango dio, erremediorik jarri ezean, ahotsak. Ikasi behar du jaramonik ez egiten* entzuten duenari. Eta lan horretan ahotsa ikasle traketsagoa da eskuak baino.


Oharra: Nahita ez dut esan «ikasi behar du ez entzuten». Hori errazegia da, pertsona guztiak gara doktore honoris causa «ez entzuten». Inprobisatzaile saiatuak egin behar duena (hau agindu bat da!) entzutea da. Atzamar bat mugitu aurretik, entzun. Ahoa zabaldu aurretik, entzun. Ahoa itxi ondoren ere, entzun. entzun, zelatari beti, errezeletan Tresna tenperatuen aldean, ordea, badu altxor bat, bakarka erabiltzen delarik errazago azalarazten dena. Mikrotonoetan sakontzeko aukera, piano ahalguztidunak gaitzago
duena.


Oharra: ahalguztiduna esan dut, piano prestatuak mikrotonoen ligan jokatzeko lizentzia ere badu eta. Baina berdin funtzionatzen du kontuak inprobisaziotik kanpo? Popean, esan dezagun?


*Oharra: artikulu honetan poptzat hartuko dut errepikatzen —iparraldekoen «entsaiatu» eta hegoaldekoen «behin eta berriz jo» zentzuetan— eta finkatzen den edozein soinupieza (izan a capelako kantarik liriko eta tonalena, izan Miguel A. Garcíaren konposizio garaikide eta abstraktuena). Ez naiz ari, hortaz, pop estiloaz edo soziologikoki poptzat hartzen dugunaz.


Bada, ez dakit berdin funtzionatzen duen, baina orain epiko jartzea tokatzen da: ahotsa tresnarik diktadoreena da. Arreta guztia bereganatu ohi duena, erremediorik jartzen ez bazaio. Zergatik deritzo, bada, «instrumental» ahotsik ez duen musika orori? Zer gaitasun du ahotsak, gainontzeko tresnek ez bezala, halako dualismoa sortzeko? Eta hau sektore batzuetan borrokatu den etiketa bat da, ahotsa beste tresnen mailakoa dela aldarrikatu dute (dugu) rock zehatz bateko tradiziotik (ere) datozenek, musika modu jakin batean nahastu eta masterizatzea erabaki politikotzat jotzeraino. Erabaki estetikoa zela ere ezin uka, estetika bat sortuko zuen erabaki bat.


Baina hori borrokatzeko, ulertzen saiatu behar dugu zeintzuk diren atzean dauden arrazoiak. Ahotsak dakartzan galderak ez dira-eta urri. Zenbat pisatzen du ahotsak, esaterako, Miguel A. Garcíaren piezetan agertzen denean? Beste instrumentuek baino arrisku (arazo) handiagoa sortzen du? Baietz esango nuke, luzaz. Beste era batera tratatu behar du. Beste plano batean jarri, beste koordenada batzuetan. Ahots horrek hitza daramalako ote da? Ez dakit, zeren eta, hitzik ez daramanean ere, badago halako espektatiba
bat, esanahiaren jakin-minez kokatzen du entzulea. Berdin dio zein den mezurik dagoen ala ez, gaitasun hori du. Desboteretu beharreko zerbait da hitza.


hitza, luxua pisua da


Aspaldi da musika ez dela gehiago mezuen garraiobide, memoriaren euskarri. Mundu osoko Bereterretxen khantoria guztiek ahotsez ahots iraun dute bizirik eta, adibidez, Islandian rimur doinuak izan dira sagen gordailu. Bestelako autonomia du egun doinuak.
Hitzaren totalitarismo basatia nahikoa ez, eta organikotasunari ere aurre egin behar dio orekaren atzetik dabilenak. Konpositore batek interpreteak aukeratzen dituenean, bere pieza bat aurkezterakoan, aurreikusi behar du emaitzaren ezaugarrietan eragin handiagoa izan dezakeela abeslariaren aukeraketak gainontzeko jotzaileenak baino.
Organikotasun hori izango da agian sentsazio berezia eragiten diguna gure ahotsa lehenengoz grabatuta aditzen dugunean. Zaila zaigu onartzea entzunarazi diguten hori dela guk besteei entzunarazten dieguna.
Teknologiak bezatu digu sentsazio hori; egun, sakeletan mikrofono bana daramagu eta ohitu gara gure ahotsa entzuten. Ahots-mezuak bidaltzen ditugu, baina egun inor ez da larritzen bere ahotsa berrentzutean. Galdu da misterio hori. Nola entzuten digute?
Bakanak ziren gure ahotsa entzuteko genituen aukerak lehen. Ondo gorderik dut, gogoan eta gotor-kutxa batean, hiruzpalau urte nituela gurasoek, grabagailu bat eskuratuta, arrebarekin eta haiekin solasean zuten kasetea. Bideokamera ez zuen inguruko inork, baina audioa erregistratzea gero eta ohikoagoa zen, ia edonoren esku zegoen. Inork ez zuen gustuko bere ahotsa, norberarena zela ukatzeraino.
Heldu uste zaizkigu Etxahun Barkoxeren kanta ederrak. Bere ahotsaren berri ez dugu, ordea. Eta berak ere ez zuen izango. Partituretan gatibatutako ahaire delizius horiek iradokizunak baino ez dira, hurbiltze-ariketak: auskalo egiatan zer zen haren ahotsetik lehenengoz jalgi zena. Ahoz aho igarota gorde dena osatuta, aberastuta, pobretuta, eraldatuta, otzanduta heldu zaigula pentsatzeko arrazoiak ez zaizkigu falta. Baina alferrik arituko gara jatorrizkoaren bila soinuaren karbono 14a ez dugun bitartean. Pentsa
ezazu kantu horiek sorreratik ñabarduraz eta fintzez etengabe hornituko zirela, eta hala jarraitzen dutela. Kantua zerbait bizia baita, ematen den aldi bakoitzean zerbait aldatzen baita, arretaguneak, intentzioak eraldatzen direlako, are kantuarekiko lotura eta asperdura. Ez du behar modernizatze burutsu eta teorikorik.


gogoaren durunda apaltzen saiatu arren, ozen dirau


Hizki, silaba eta hots bakoitzak, ebakia den aldi orotan, hartzen baitu kolore berria. Horma ezberdinekin egiten baitu topo, eztarri ezberdinekin, eskarmentatuagoekin. Ez baita inoiz gauza bera «zizare» hitza abestea. Hitzak berbera dirudien arren, esanahia ere aldatzen baita soinu-ingurua zein den. Ez naiz zentzu metaforikoan ari, ezta literalean ere: hitza behin ta berriz ebakitzean esanahia galduz baitoa, inoiz izan badu. Entzuleari aldi bakoitzean aldatzen zaion bezala: entzunaldi bakoitzean entzulea berria da, arretaguneak ere aldatzen dira.


Kantu bateko lehenengo hitzak kantu osoa bideratzen du nonbaitera, botere hori du, zoritxarrez. Areago, hau gertatzen da izenburutik: A love supreme deitzen den pieza bat entzutera bazoaz, nolabaiteko predisposiziotik hasiko zara entzuten. Nahiz eta ahotsak amaieran agertu alovesupremeka, sei minutu igaro dituzu horrekin bueltan. Kantu horri Armairu deituta ere, irudi batetik abiatuko litzateke entzunaldia, ezinbestean.
Honek ifrentzua du, gauza guztiek bezala: goazen horrekin jolastera, zirikatzera, eta gauza hipersakon-bortitz-erraiar bat jarriko diot nire disko baten izenburuari: Hil zara.
Ea zer muturretaraino eraman dezakedan txantxa, gehiegizko txantxa iruditu gabe, nola afektatzen dion musikari, ea Armairuk baino gehiago ala gutxiago. Ezin jakin, baina gaur egun Hil zara esatea higatua dago niretzat, armairu bat da. Eta, zinez, goxo da esanahiz hustu bada. Eta jakitun naiz denak duela eragina, diskoaren azalak, argitaratzen den moduak eta lekuak, zein plataformatan ezin den entzun, nola dagoen grabatuta… Baina nolabaiteko eraginak dira, eta derrigorrez asumitzen direnak; izenbururik gabe, azalik gabe edota hitzik gabe aritzea badelako aukera bat, baina baita izendatzeko modu bat
ere, janzteko modu bat, abesteko modu bat. Azkenean kantua geratuko baita, ez besterik
(to epika berriro!).


Hitzak beti izan zaizkit gatazkatsuak. Hitzak idatzi beharra. Izan ere, azken batean hitza oralizazioaren aukeretako bat besterik ez da. Arrisku handiena dakarren aukera. Neurean etengabekoa da harekiko borroka, haren kontrakoa. Gehienetan galdua, onar dezadan. Borrokatzea zilegi da, baina baita hizkuntzaren esparruan infiltratzea ere, eta aztertzea barrutik non egin dakiokeen min, nola ahuldu eta higatu ahal zaion daukan indar suntsitzaile hori. Eskura ditugun trikimailuak ez dira gutxi, zirujau batek gutxiago ditu, baina tentuz erabili ezean atzera-bueltarik gabeko kalteak eragin ditzake berak ere.
Absurdoa eta surrealismoa ez dira aukera makalak horretan; bolumen, tinbre, abiadura, azentuazioa, erritmoa koloka jartzea dugu, fonemak erauztea edo gehitzea, eta hizkuntza asmatuak, noski. Asma dezagun, bada:


Modya ladyo nira tora
Madyo lodya vita boran
hira puoram
lita foram
Dakon bulin yorab


Baina horrek ere baditu alde makurrak (erronkak, esan dezagun). Komikotasunaren kontra beltz egin behar da lan, onomatopeia kutretan harrapatuta ez geratzeko; ia ezinezkoa da askorentzat ulertzen ez denari zentzua ez ematen saiatzea, sortzean ere; edozein hitz asmatuk hizkuntza erreal bat parodiatzeko saiakera irudi lezake neurriz egin ezean. Fonetika asmatu batek ere bai (behin, inprobisazio baten ondoren galdetu zidaten ea frantsesez aritu ote nintzen tarte batean —r ubularra gehiegi erabiliko nuen
agian—). Berriz ere, esanahiari iskin egin nahiak ere esanahia dauka.


mATXitxakoko porrusalda
43.456952, 2.752162
well done.


Spoiler bat orain. Etenen (orain arteko) azken diskoa hitzik apenas idatzi gabe grabatu genuen. Ahotsak ere bai. Ahots inprobisatuak ziren gehienak, baina zehatz samar egituratuak eta intentzioz kokatuak denboran, tinbrean, intentsitatean. Banuen kaier txiki bat ideiaz (ez oso) josia, baina kaiera eta zorro batean nituen hainbat gauza lapurtu zizkidaten… Ez zegoen gordeta inongo hodeitan, eta nire burua nahiko lauso zegoen.
Diskoa amaitzeko obsesioak bidea zabaldu zuen, batere teorizatu gabe: grabatuak ditugun ahotsak txukun daude, badute lehen grabaketa baliagarri bati eskatu behar zaion indarra eta jarrera. Utz ditzagun horrela, bada. Eta hitzak idatziko ditugu diskoen kopiak fabrikatzen diren bitartean. Nork esango digu abesten dugun hori ez dela insertoan irakurtzen dena? Nork? Zeuk agian orain. Tira, belarriak dituen edonor jabetuko da ez datozela bat.
Beharbada garai horretan hasiko nitzaion ezberdin begiratzen hitzak idatzi eta asmatu beharrari. Kontatu behar dudana soinuan badago, zertarako mintza? Baina, tira, hizkuntza dut ogibide eta, gaur egun, hitz-pilatze joko hau maiteagoa dut lehen baino. Ez zait hain nekeza jada, nahiz eta askotan mantsoegitzen eta berantesten didan kanta bat amaitutzat emateko unea. Egin kontu: idatzi dudan azken kantuaren melodia gau batean sortu nuen, duela zazpi bat aste. Azken hitza («belztua») atzora arte ez dut aurkitu.

Aldartea belztua ta bihotza nagi


Eta alda lezake hitz batek, kanta bat idaztean, musikaren norabidea. Horretarako ere badu boterea. Kontua da horri men egitea ala ez erabakitzea une oro. Horregatik agian nahiago izaten dut idazketa azken lana izan dadin.
Ez dut horrela lan egiten, ordea, nireak ez diren testuetatik abiatzen naizenean. Aipatu dudan kanta berri hori Louis Aragonen olerki batetik abiatu nuen. Bosna lerroko lau ahapaldi. Louis Aragon da kuttunenetakoa kantuak egiten hasteko. Jatorrizkoan zein itzulita, bost axola. Badu harrapaezina zaidan zerbait hor, ez dakit zer den, eta ez dut jakin nahi. Kantu ezberdinak abiatu izan ditut olerki bakarrarekin, beti aurkitzen diet zerbait. Ez diet artelanei bestela gauza handirik eskatzen, detaile bakar bat nahikoa izan daiteke sublimatzeko zerbait, trazu bat, isilune bat, nota bat bere leku egokian, ahoskatze bat,
denari zentzua ematen edo kentzen diona, balio duena. (Horrek ez du esan nahi, inolaz, artelan guztiekin eskuzabala naizenik… kontrakoa ia.)
Harrapaezina den hori bilatzen dut haren eta besteen poesian. Eta orri bat zabaltzean, irakurtzen hasi aurretik ere piztu ahal zait zerbait, erakargarri zaidana abesti bat abiatzeko. Eraikitzean, itxuraldatuz doaz formak eta melodia abiatzen da beste metrika baten bila, jatorrizko melodia ere hein batean erantziz. Duela zazpi asteko zirriborro hura entzun berri dut eta ez du jada antz handirik kantu amaituarekin. Baina kantuak memoria du, buztinak bezala, eta Aragon hor egongo da nonbait, betiko.
Ezberdina izan zen Joxan Artzeren lanarekin egin nuen lana, haren olerkiei milimetrikoki lotu behar nintzaielako, dudarik gabe. Haren olerkiek ere, oso bestelakoak izan arren, irakurtzen amaitu aurretik esaten didate kantu bat hasteko bide ematen dutenentz. Ez da olerkiaren forma hutsa, paperean duen kokapena, tamaina, fonetika. Ez dakit azaltzen zer den. Eta onartzen dut ez nukeela sekula Artze baliatuko, ez balitz Jerry Corralek gonbidatu ninduelako haren omenezko kontzertu batean parte hartzera. Zertarako eskuztatuko nuen gehiago autore hori, ez al nuen ba besterik? Aitortza gehiago behar al zuen Artzek?
Bada, une hartan iruditu zitzaidan baietz, aitortza gehiago behar zuela txalapartaren berrasmatzaileak, zerbaitek huts egiten zuela bere omenaldian txalapartarik egongo ez zela konturatu nintzenean. Hortxe hasi zen Enrike Hurtadorekin dudan elkarlana. Eta tira, Hil zara ez zen Armairu izatera iritsi, baina oMOrruMU baMAt ez zihoan bide okerretik esanahiaren hustutze horretan.


463 74627 84773 51451
6634 72467 46845


Beraz, horrelako kasualitateei esker joan naiz eraikitzen (nor ez?). Egun batean proposatzen dizute ea bakarka zerbait egingo zenukeen zuzenean, Magda Mayas eta Peter Buck Bilbora etorriko direlako jotzera, L’monora, eta eskuartean zenuena (baldin bazenuen zerbait) bazter batean uzten duzu, kontzertuaren egunera arte geratzen diren lauzpabost asteetan buruan besterik ez edukitzeko. Eta handik hamabost bat urtera gauza bera egiten duzu (plan guztiak bazter batean utzi), proposatu dizutelako aurkitu duten duela mende bateko film mutu bateko soinua zuzenean egiteko.


magnum commurmurat Aetna


2022ko iraila zen jaso nuenean Jean Epsteinen La montagne infidèle 1923ko filmari soinua jartzeko proposamena Punto de Vista zinemalditik. Beste bihurgune batean sartuko ziren hurrengo 6-7 hilabeteak. Filma ikasi, dokumentatu, erabakiak hartu, baina ziurtasun potolo bati aurre egin behar lanean hasteko: filmari edozer soinu paratuta, Epsteinen lanari norabide berria emango nion, ezinbestean.

Ahots hutsez egingo nuela erabaki, eta hala gauzatu nuen. Eta hitzak erabiliko nituen, Virgiliorena omen zen Aetna poemako latinezko hitzak. Zer eta hitzak, erabakirik kontraesankorrena filmari kalterik egin nahi ez banion. Baina bazen ihesbiderik, hor ere bai.
Asko irakatsi dit Epsteinek, bere film eta bere idatzien bidez. Ideia bakarra ekarriko dut hona: ralentiaren garrantzia, denbora mikroskopioaz begiratzean txokoetako amaraun guztiak azaleratzen baitira, nola irudian hala soinuan. Eta konturatu naiz aholku hori (eta askoz gehiagorik ez) eman izan diedala inoiz laguntza eske etorri zaizkidan lagunei, disko bat grabatzera sartu aurretik: jo itzazue prest dituzuen kanta horiek ahalik eta geldoen, esajeratuki moteldu, doom kantak bihurtu arte, berrentzun zirrikitu guztietan
sartuz, nota, silaba, arnasketa bakoitzean pausatuz eta kontzientzia hartuz, amaraunak
kendu txokoetatik. Eta ondoren, jatorrizko abiadurara itzuli, eta pentsatu zer aldatu den,
zein erosotasun aurkitu dituen kantuak. Deep listening, but deep playing.
Aurretik, nire asmoetan beste geldialdi bat egiteko kasualitatea heldu zitzaidan. Laboaren
Kiromantzidxa izeneko Lekeitioaren inguruan «zerbait» egitea. Zerbait hori ez nuen nahi
hitzaldi bat izaterik. Utz dezagun bakean eskuztatuetan eskuztatuena. Ahotsezko zerbait
sortuko nuen. Eta hasten zara bila, hasten zara aurkitzen, loturak egiten. Eta Horazio
agertu zen, carpe diem esatera, esku irakurketak etorkizuna interpretatzeko asmoa duelako, baina iraganak ainguratzen duelako erremediorik gabe.


Egoki ezazu esperantza luzea zure bizitzaren espazio laburrera.


Ingeborg Bachmann ere azaldu zen, garai latzagoak datozela esatera. Kontraesankorrak dira? Ez horixe. Kontraesana nigan egon, egon zen, hitzari boterea entregatuta.
Beste zorioneko ezuste bat eman zidan 2021eko Gabonetan Itxaro Bordak. Euskaltzaindiaren egoitzan Linguae Vasconum Primitiae liburuaz hitzaldia egiteko gonbitea jasoa zuela, eta ea lagunduko nion, hitzaldian Etxepareren olerkiren bat abestuz. Gogo handia erronkarako, baina inolako gogorik ez jadanik egindako kantuen bertsioak egiteko.
(Artzerekin bezala… merezi al du eskuztatzea berriz Etxepare? Ez al da poeta gazterik inguruan eskuz esku lan egiteko?) Bada, erronka handitzen zuen detaile horrek: Oskorriren bertsioak ondo ezagutzen nituen eta lanak izango nituen garunetik askatzeko.
Hurrengo zailtasuna, poemetarako Mosenek zerabilen metrika: ia melodia bakarrarekin abestu liteke liburu osoa, bizpahiru testu alde batera utzita. Beste nonbait bilatu behar aterabidea. Baina horrek erakargarriago bilakatzen zuen lana.


Nola diostaçu horlaco hiça? Bethi dadukazu tema borthiça


Eta konturatzen zara hain zurrun eta zaharkitua dirudien material hori ere malgutu daitekeela, gaztanbera horrek ere hezurrik ez duela. Liburu osoa musikatu eta hiru urteko lana Itxaroren dei kasual hartatik, plan guztiak zartatzen dizkizuten horietakoa.
Eta zortekoa naiz, badudalako beti nire plan horiek zartatzen dituzten kasualitaterik. Agian hori bera da helmuga, planak suntsitzea egun batean dei bat jasotzen duzulako material berri batekin lan egiteko. Demagun lerro bakarrak osatzen duen liburu bat kaleratuko duela Ixiar Rozasek eta soinu bihurtzea nahi duela. Eta nahi diola ahotsari eman garraio izaera. Eta prozesu horretatik irteten zara begien aurrean zenituen hainbat lezioz konturatuta. Teorizatu dezakezulako nahi beste, baina hitzok ahoan paratu arte ez
zarelako ezer kategorizatzeko gauza. Ondoren ere ez, bistan dena, baina hurbilago egon zaitezke gauzak zergatik gertatu diren ulertzetik. Ulertzeak zerbaiterako balioko balu bezala.


zure elea aditzeko uzkiratu agurrak

eremuak
2023-10-28
eremuak

komunikabideak

lau aukeraketa
pequeña antimateria
2023ko iraila
Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
rafa ruedari elkarrizketa 'hiri kristalezkoa' diskoaz
argia
2018-05-25
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
hiru disko aukeraketa
mondosonoro
2013ko apirila
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria