2015 urteak esan dio adio Oskorriri. “Hauxe da despedida” bira baliatu dute beren burua zaletuen eta beren musikaren aurrean azkeneko aldiz jartzeko. Berrogeita bost urtean bildu dituzten kopuruetan galtzeko arriskutik urruntze aldera, bilbotarren ibilbide luzean barna abiatzeko gure proposamena duzu hau. Baina, zer demontre, iparrorratzik gabe ibiltzea ederragoa izan daiteke.
Askoren ustez, abesteak mantentzen ditu kantuak bizirik, kantaldi bakoitzean arnasberritzen dira eta hartzen dituzte bide berriak. Teoria horren arabera, desagertutako edo isildutako sortzaile guztien lanak hilda leudeke, oholtzatik betiko jaistean. Ezin esan teoria hori zuzena denetz, baina egia da kantuak beste estatus batera pasatzen direla. Zuzenekoa une berezi eta bakarra da, disko bat entzuteak une eta leku anitz izan ditzake.
Sentipen hori eta hainbat gehiago izan ditugu Oskorriren agur biran, hainbat eta hainbat kantu berriro entzungo ez ditugula ohartzean. Gogorra da azkenekoz emango den kantu baten aurrean jartzea norbere burua, edota musikari horien larruan jartzea une horiexetan; noiz entseatu dute kantua azken aldiz? Nora doaz orain kantuok? Zer dira, Oskorri jada existitzen ez den honetan? Taldea banatzean akabatu al dituzte kantuok?
Oskorriren beraren ibilbideak emango dizkigu horren eta beste hainbat galderaren erantzunak? Galdutzat eta hiltzat joak ziren kantu askori bizi eta bide berria eman diote 45 urtean, baina sortu dituzten 200 baino gehiago ezin ditugu ahitutzat eman.
…eta Oskorri Gaitz sortu zen
Ordu laurden eskas behar da oinez Bilboko Alde Zaharretik Irala auzora heltzeko, Natxo de Feliperen etxetik, Gabriel Arestirenera. Urteak behar izan zituen, ordea, Natxo de Felipek miresten zuen Gabriel Arestirengana heltzeko. Gainera, Bilbotik urrun izan zen, Bartzelonan, 1968an. Egun horretan aurrez aurre kantatu zizkion haren hitzekin osatuta zituen kantuak. «Berak ez ninduen ezagutzen eta ez zekien ere bere kantuak eginak nituenik. Ordutik hasi nintzen gauza gehiago egiten, ez bere liburutik aterata bakarrik, elkarrekin ere hasi ginen gauzak egiten, eta horietariko bat izan zen ‘Oskorri Gaitz’. Oskorri deitura, hain zuzen, ‘Oskorri Gaitz’ egin eta gero hartu genuen”. Seizpazortzi aldiz baino ez zuten jokatu ‘Oskorri Gaitz’ antzezlana, eduki gogorra zuen eta zentsurari iskin egitea ez zen kontu erraza.
Erdi ezkutuan jokatu behar izanagatik, Natxo de Feliperen etxean grabatutako kasete gorri bat eskuz esku ibiltzea lortu zuten, mila bat ale. Estreinakoz Deustuko Unibertsitateko Paraninfoan 1971n jo zutenean ere lepo bete zuten aretoa.
Estatuaren zentsura ez zen, ordea, pairatu behar izan zuten bakarra. Euskaldun askok aitzakia gutxi eta arrazoi gutxiago behar izan zuten taldeari kargu hartzeko; egun, euskaldun horiei barkatua eta ahaztua omen zaie dena. Esaterako, Gorka Knörren aburuz, “Deustun euskeraz kantatu zuen erdal kantari bat” zen De Felipe, “Euskalerri osoari zuzendutako atakeak” abestu zituena. “Sozial kantak” baino “sozial inperialistak” ziren erdi ezkutuan eman behar izaten zituzten kantu haiek.
Ez dok amairu taldeko zenbait kide ere ez ziren ondo moldatzen Oskorrirekin, eta Herri Gogoa diskoetxearekin grabatzeko ateak itxita izan zituzten. 1975. urtea zen Madrileko Kirios estudiora jo zuenean De Felipek, taldea goitik behera aldatuta, lehenengo bi singleak eta bi LPak grabatzera CBS multinazionalarentzat.
Disko txikietatik, lehenengoa nabarmenduko dugu (Aita semeak / Gosetea), bi kantuotan Oskorriren soinuaren eta filosofiaren berezitasun ugari agertzen da eta. Tinbreen nahasketak eta kantaerak zerikusi gutxi zuten ordura arte euskaraz egindako musikarekin. Sonoritate zabalago baten bila ari ziren. Oskorrikoen belarriak, besteak beste, folk-rock bretoi eta britaniarrera zeuden zuzenduta (Alan Stivell, Steeleye Span, Martin Carthy edota Pentangle). Gitarra, biolina, dultzaina eta txirula bat eginda ageri dira, sendo eta fresko, tresna elektrikoekin nahastuta eta horien gainetik Natxo de Feliperen ahots argia eta garbia, hatxe hasperendun eta txistukari bereizi eta guzti, batu berria zen euskararekin ardura handiz jokatuta. Bai, gauza horiek guztiak kabitzen dira Aita semeak bezalako kantu pop hunkigarri baten barruan.
Single horrek ez zeraman Gabriel Arestiren hitzik. Bai, ordea, hurrengo disko txikiak (Egia da / Anaitasuna) eta, bereziki, taldearen lehenengo lan luzeak. Gaixorik zegoela elkarlanean egina, zentsurak atzera bota zituen hainbat kanta. Argitaratu zenerako hila zen poeta.
Gabriel Arestiren oroimenez (76). Emazurtz-en erritmo martzialak zabaltzen du lan ausart hau. Bikaina instrumentazio eta konposizioetan, giro eta egituretan. Dinamikoa, Laugarrenez Nerea etorkizunaren aurrean baladatik Guretzat eta Gora eta gora beti jauzilarietara pasatzen delako, doinu propioak eta herrikoiak bereizi ezinik. Maldizio betikoa eta Oinaz eta Ganboa dira diskoko unerik sakonenak eta, aldi berean, gorenak gordetzen dituztenak. Musikariak libre mugitzen dira, baina gainontzeko taldekideei entzunez, elkarri enbarazurik egin gabe. Konponketak berritzaileak dira, eta esan liteke jazzetik ekarritako lehenengo soloak ere agertzen hasten direla gurean. Mixel Labegerieren Astoa Balaan Astoarena antiklerikala (Mixel Labegerieren Astoa Balaan-en bertsioa) konponketa zoroz gainezka dago, Bixente Martinezek wah-wah pedalari eragiten dio saxoaren eta xirularen arrantzen artean; Ba dakizu non nagoan epikoa eta barrokoa da, hurrengo diskoa izango denaren aurrekari.
Ez zen Oskorri izan olerkari baten hitzekin disko oso bat osatzen zuen lehenengoa. Esaterako, Raimonek Salvador Espriu musikatua zuen, Pablo Milanesek Jose Martí eta Leo Ferrek Badelaurie. Hiru adibide huts, baina hiruron oihartzunak ditu Mosen Bernat Etxepareren 1545eko hitzekin osatutako hurrengo diskoak. Arestirekin egokitu eta eguneratu zituzten hitzak, helburu dibulgatiboa ere baitzeukan egitasmoak. Aurrekoa baino barrokoagoa, rock progresiboaren zantzuren bat du, eta zenbaitetan erdi aroko sonoritatea irudikatzen du (arrazoizkoa, testuen datari erreparatuta), konponketa eta instrumentazioaren ondorioz. Horren erakusle, Eskaintza. Ilun eta tentsio handikoa da Doktrina kristiana, ahots harmonia ederrekoa. Polka edota fandango erritmotan mugitzen beste batzuk (Musuren galdatzea, Sautrela…), eta taldearen ibilbide osoan ohikoa izango den adar berri bat agertuko da hemen: dantza zaharren eguneratzea, Lantzeko ihauteria-ren bidez. Diskoa ixten duen Judizio generala Oskorri osoko kanturik esperimentalena da, ahots distortsionatu eta deklamatzailea, bateria, zarata, soloak, hasierako King Crimsonetik gertu. Finean, oso disko aberatsa ñabardura eta konposaketetan.
Oskorriren ibilbide osoko hiru zurtoinekin batera (de Felipe, Bixente Martinez eta Anton Latxa) Santi eta Karlos Gimenezek osatu zuten 77ko talde hura, bi anaiok Imanol kantariaren Klabelin Komic taldea osatzera joan aurretik. Hemendik aurrera musikari guztiek konposatzen dute taldean, ideia guztiak eztabaidatzen dira, eta Natxorena ez diren beste ahotsak hasten dira agertzen, taldearen koherentziari kalterik egin gabe.
…eta Oskorri goratu zen
Lan horri barrokoegia iritzita, elementuak eta konponketak fintzen dituzte 1979ko disko bikoitzean. Lan serio, sakon, ilun eta hunkigarria da, Adela, Begira lagun eta Anton Latxaren ahotsa lehenengoz entzun daitekeen Itsasotik Ilargira paregabeak dira. Huelgan daudenei, Preso gaudenon ahoetatik, Eresi, isiltasun eta tentsioz beteak, besteak beste, Bixente Martinezen gitarren bidez, Egberto Gismontiren oihartzunez beteak. Bizkaiko aberatsak, Euskal Unibertsitatea, Forjarien kanta eta kontrapuntu alaiagoa eta erritmikoagoa ematen diote, seriotasunari eta urgentziari uko egin gabe. Eguneratzen dituzten dantza zaharren doinuak integratuago daude taldearen sonoritatean (Makilariarena, Bolant Dantza…). Horretarako taldekideek beraiek moldatutako eta egokitutako txirula eta alboka berriak sortzen dituzte. Harrigarriak dira solo eta konponketak egitean kantu tradizionalei egiten dizkieten keinuak (Zuberoko Argizagi ederra jotzen dute gaiteroek Oskorri kantaren amaieran). Detailez josita dago diskoa, baina neurritsuak dira, oxigenoa ematen diete kantuei. Soinu aldetik ere jauzi handia dago, Jean Phocasen lan bikainari esker. Mugarria da disko hau, ez soilik Oskorriren ibilbidean, ezpada euskal musika osoan.
…eta Oskorri plazara atera zen
Bilaketa ez zen, baina, orduan amaitu. Plazarik plaza diskoak aldaketa handiak ditu, baita kanta gogoangarriak ere, Gaztelugatxe edo Kaio luma zikina, bi aipatzearren. Ahots harmoniak landuagoak dira, eta tresnen konbinazioetan sakontzea lortzen dute. Plazazaleagoa da, eta horregatik alde poperoagoa azaleratzen da Tirauki, Furra furra edo Violetaren Martxa bezalakoekin. Lehenengo aldiz eurenak dira letra guztiak, eta aukera hori baliatzen dute beren asmoak argi eta garbi adierazteko: “Zortzikoa da benetan arbuiatu dudan euskal ritmo bakarra, indarrez sartu baitigute berezigarritzat, aintzinakotzat, euskal zintzo prestu guztien musika bakantzat; hau ergelkeria, hau inbustekeria, arrazaren profeta handiek ongi asmatua”. Horixe diote Zortziko berri bat kantu antiesentzialistenean, zortzikoen collage bitxia.
Sasi-atzerapauso bat egin zuten orduan, lehen aipatu dugun kasete pirata hartako kantu semiklandestinoak ongi grabatuta uzteko. Kristo, ni eta gizonak, Kexa eta promesa, Txili eta Kapitan pilotu ederki asko egon zitezkeen taldearen lehenengo lan luze hartan. 1981 zen, eta aurreko hamarkadako sonoritatera eraman zuten taldea une batez, orduko konponketak errespetatuz. Oso ariketa baliagarria ordutik aurrerako formazioa trinkotu eta koipeztatzeko. Fran Lasuen izukaiztarra sartu zen taldera eta bere ekarpena handituz joango da diskoz disko. Berarekin eta Joserra Fernandezekin formazio egonkorra izango dute hamarkada osorako, teknikoki karrera osoko potenteena.
Adio Kattalina (1982) eta Hau hermosurie! (1984) diskoetan aurreko diskoen arrakastari eusteko kantuak biltzen dituzte, formula berberarekin. Nabarmenenak, Haurrak erritmikoa, Euskal Herrian Euskaraz, Nafarroa (biok Anton Latxaren ahots eztiak bikainduak), eta Adio Kattalina herrikoia lehenengoan; bigarrenean, Igelak, Ezpatadantza, Martinatxo andrea, Aita gurea, Amoros gaixoa… Ibiza aldean-en kutsu mediterranearra lortzen dute ttun ttun eta dultzainak elkartuz, oso modu bitxian, ingurutxo dantzei keinuak eginez. Aurreiritziak baztertuz sendotzen dute beren izaera propioa.
…eta Oskorrik goia jo zuen
1979ko Oskorri gailurtzat jo badugu ere, ezin uka In fraganti (1986) dela 80etan hartutako bidearen puntu gorena, disko borobilena eta popzaleena, orduko hartatik oso desberdina izanagatik. Azaletik da txundigarria, eta hamaika kantuotan alderdi guztietan distiratsu dihardute: dantza zaharrei jantzi berria jarriz (Aita San Miguel) erritmo eta perkusio joko politekin, arin-arin berriak sortuz (Hiri porru, Arin bero), gregorianoa (Kyrie eleison), ahots harmonia jostagarriak (Hau da debilidadea) eta erritmo funkiak ezarriz sehaska kanta zaharrei (Atzo goizean-en atzean Ez egin lorik basuan dago). Eta ezin ahaztu, Anton Latxaren ahotik irteten dela, beste behin, melodiarik ederrena: Ostatuko neskatxaren koplak. Zirimola da In fraganti, folk-pop aratza, taldea ere zirimola hutsa den moduan, Txarli de Pabloren slap marcusmillertar frenetikoekin, Jose Urrejola eta Kepa Junkera gaztetxoekin. Azken hori trikitiaren mundua eraberritzeko bezperan zegoen; urtebete geroago grabatuko zuen Infernuko auspoa aparta, hain zuzen, oskorrikideen laguntzaz.
Zuzeneko disko bikoitzaren ondoren, formulari eusten diote, baina originaltasuna galduz. Teknikoki perfektuak dira diskoak, baina arriskua murriztuz doa, ekoizpenak kontserbadoreagoak dira eta harritzeko gaitasuna maldan behera hasten da. Hala ere, kantu zoragarriak ekoizten jarraitzen dute: Datorrena datorrela-n (89) Negu minean (Latxa, berriz ere), Ez zaitez joan oraindik bals tristea, Irlandar abiadoreak bere heriotza igarri du edo Aizkorriko lamia porrusalda erritmoan; Badok-en (92) ere badira kanta dantzagarriak Alabatxoaren kantua fandangoa, kasurako, edo Euskaldun berriaren balada, Negu partean mizpira harmoniatsu eta dotorearen ondoan. Dantzetatik hartutako erritmoak oso baliagarri zaizkie pop kantuak osatzeko.
Fran Lasuenek taldea utzitakoan, Landalan (95) kaleratu zuten, beharbada aurreko bi lanak baino kantu hobeak dituena, baina orokorrean aurrerapen handirik ez dakarrena In fraganti hartatik. Hala ere, ez da makala zerrenda hau: Amaiaren ipuin fabulosoa, Agirretarren bandera, Alabatxoaren ezkontza sueltoan dantzatzekoa, Intsumisoaren martxa antimilitarra eta Txirritaren heriotza zirraragarria.
…eta Oskorri ahitu zen
Baina formula agortuz joan da azken hogei urteotan, lan lauagoak, une distiratsuak gero eta gutxiago, alde teknikotik musikari gazte eta oso txukunak gehitu arren. The pub ibiltaria proiektuaren bidez kantu zaharrak berreskuratu zituzten hamahiru aletan, baina kantuei xarma berezirik erantsi gabe, arnas berririk eman gabe. Umeentzako lanetan, bigarren mailakotzat jo ohi ditugun arren, asmatu egin zuten, bereziki Marijane kanta zan! ederrean. Baina lan propioetan, 95era arte erabilitako formulari eusteak ez die emaitza onik ekarri. Horren aitorpentzat har liteke despedidako azken kontzertuetara azken garaiko kantarik ia ekarri ez izana (poupurri testimonial bat). Areago, 25 kantu urte (96) zuzenekoaren kalkoa izan zen, exekuzio bikainez, hori bai, baina nostalgia ariketa hutsa.
Krisiak ito omen du taldea, profesionaltasunari eutsi ezinak. Baliteke krisiak baino, garaiak eta bere formulak ito izana. Eta profesionaltasunak.
Orain, zer gertatuko da kantuokin? Emazurtz dira, ala burujabeak? Biziberritzerik behar al dute? Kantatuak izan behar al dute? Hil al dira kantuok? Kantuok ez.
ibon rodríguez