«ez dago ezer ukiezinik, baldin eta emaitza hobetzen bada»

Zabalburuko galerietan egin dugu hitzordua Rafa Ruedarekin -Mungia, 1972-, Blade Runner filmeko Roy Battyren bizileku bilbotarra izan zitekeen gunean. Rafa Ruedak bakarkako bosgarren diskoa -“Hiri kristalezkoa” (Elkar, 2017)- ixten duen Irina kantuko zebrabideetan ez dago goizean hiria estali duen elurtzaren arrastorik. Aldaketa handirik ez dakar diskoak; bai, ordea, aldaketa txiki ugari, mungiarraren kantagintza inoizko mailarik gorenera igo dutenak, ezari-ezarian, ate batzuk itxiz eta ate ugari zabalduz: “Aurreko diskoekin leku honetara iristea posible zela ikusten dut orain”. Puntu honetara heltzeko, eramaten utzi du bere burua, eta umiltasun ariketa sakona egin du bere musika sartuta zegoen inertziatik ateratzeko. “Hamaika proiektutan nago aldi berean. Batetik, musika maite dudalako, eta bestetik, musikaz bizi naizelako (eta horrek zorionez edo zoritxarrez behartzen nau hamaika gauzatan egotera). Jo, grabatu, jo… inertzia horrek harrapatuta nengoen. Hausnarketa behar nuen nire egitekoaz”.

Splitt 77 taldeko Aritz Aranburuk eman zion lehenengo astindua. Lan psikologikoa egin zuen, beste abiapuntu batzuk bilatzera eraman zuen Rueda. “Eta aske sentitu nintzen. Nire lehengaia kantua da, eta askotan poparen egituran ahapaldiak zubira eramaten zaitu eta zubiak lelora. Halako batean errail horretatik ateratzen zarenean hau eta bestea proba dezakezu. Ez dut esaten derrigorrez hortik atera behar duzunik. Kontziente izan behar duzu beste bide batzuk ere badaudela. Ez naiz joan prebisibleak ez diren gauzak egitera. Beste barik, aske sentitu naiz eta zerbaitek hona ekarri nau”.

Astinduok eraman dute, esaterako, teklatuetatik abiatzera kantuok. “Instrumentu bakoitzak bere berezitasunak ditu, bere inertziak, eta gitarratik ez abiatzeak halabeharrez beste leku batera eraman nau: nik kantatzeko eta melodiak egiteko modu berezi bat daukat, eta uste dut hori diskoan badagoela, baina beste soinu batzuetatik sortuta. Ez aurreko Rafarengandik ihes egin nahi nuelako, baizik eta ikusten hasi nintzelako horrela gitarrekin iristen ez nintzen lekuetara irits nintekeela. Tresnaz aldatzeak ekarri dit deslotura hori. Ezkontza hori apurtuta askeago sentitzen naiz.”

Gitarra jotzeko moduan izan du eragina horrek, batzuetan sintetizadore bat balitz bezala erabilitzen du, sei sokak batera erabili gabe: “Ez dut ahotsaren lagungarri erabiltzen, hegoak moztu behar izan dizkiot beste tresnek bete dezaten leku hori. Gitarrak eta pianoak aukera harmoniko oso zabala dute. Taldean jotzeko erabili beharreko notak ondo aukeratzera behartzen zaitu. Sei sokak erabilita, talka hori gertatzen da.”

Gerria ere astindu dio gitarrarekiko dibortzioak; badira diskoan dantzagarri izateko sena duten kantuak -Little Cowboy, Nahikari-, etorkizunerako bidea zein izan daitekeen iradokitzen dutenak. “Egia esan, nahiko dantzagarri nabil. Astinduak, mugimenduak musikan islatzea ez dago txarto. Gorputzean ere sentitu dut askatze bat, eta mugimendua dakar horrek. Askatasunarekin lotzen dut. Nigatik balitz, gitarra gehiago egongo ziren, ohitura izan baitut beti barroko jokatzeko konponketak egitean. Kanpoko belarri batek esan behar izan dit kantu batek ez duela gehiago behar”.

Jon Agirrezabala ekoizleaz ari da, haren belarrian jarri baitzuen bere musika, apaltasunez, aholku eta, bereziki, hausnarketa bila. “Esango nuke Jonen papera ez dela maila estetikoan horren nabarmena. Entzuten den kutsu hori bazuten kantuek nik berari eman aurretik. Jon bideratzailea izan da. Proposamen asko egin izan dizkit. Nik banekien nora iritsi nahi nuen, eta berak esparru hori argiago ikusten zuen, nik emandako norabide horretan gidari izan da”. Rafa Rueda ekoizleak islatuta ikusi du bere burua Jonen ispiluan “Asko ikasi dut. Niretzat umiltasun ariketa izan da. Kasu honetan, konturatu naiz Joni esker bilatzen nuen hori nik uste baino gertuago zegoela. Nik lan hori egin izan dut beste batzuekin eta ez naiz izan horren kontzientea, zein zaila den norbere sudurrean euliak ikustea, parekoen sudurrean hain erraza denean. Nire burua hobeto ezagutzen dut orain”.

Atzeraezinezko erabakiak, inondik ere: esaterako, kanten estrukturen inguruko lana -Maryanakantuak ondo erakusten duenez-, edota bereziki, kantatzeko modua: gutxien aldatu dela dirudienak du atmosfera honen giltza. “Halako batean Jonek komentatu zidan tentsioa kendu beharko niokeela kantaerari. Horretarako zer egin, melodia aldatu, ala tonua jaitsi? Eta tonu grabean kantatzen hastea beste planeta bat lehen aldiz zapaltzea bezalakoa izan zen. Frekuentzia grabe horiek frogatzea. Ariketa guztiz fisiologikoa da. Konturatzen zara kantatzeko ez dela horrenbeste aire bota behar. Birdeskubritzen duzu zure instrumentua, ahotsa kasu honetan. Zelako indarra duen erlaxatuta kantatzeak nire musikan. Hori da lortu dudan garrantzitsuena. Hori deskubritu izan banu aurreko lanetan, emaitza guztiz diferentea izango zatekeen. Gauza interesgarriak egin ditudala uste dut, baina ez dira biribildu kantaeraren erabileragatik. PiLTren sasoitik beste esparru estilistiko bat hasi nintzen jorratzen, hori ondo landu gabe. Lehen diskoetako kantuei tonua jaitsi izan banio… Ze, disko bat grabatzen duzuenean eternitatearekin jolasten duzu. Hor egiten duzuna betiko gelditzen da”.

Baina kantu guztiak ez dira eternitatera iristen, baditu hil zaizkion kantuak. “Hala ez balitz kantugile perfektua nintzateke. Nire kantu guztiak ez dira onak. Bizirik daudenak soilik. Gustu kontua da. Agian niretzat daude hilda, eta beste batentzat ez. Kantu batzuk eternoak diren bezala, beste batzuk hilkorrak dira, osasun txarrekoak. Abortuei buruz ere zerrenda luzea egin genezake.” Zuzenekoak ematen al die bizitza? “Edota gustura entzuteak ere, hurbil sentitzea. Entzuleak ere ematen die bizitza.”

Baina, kantuak hil badaitezke, noiz jaiotzen dira kantuak? “Nik beti esaten dut kantu bat ez dela kantua testua jaso eta ondo uztartuta egon arte.» Baina erakusteko premia sentitzen den unea izan ohi da mugarria kantuarentzat, ziurgabetasunezko une hori. “Besteen erreakzioaren esku uzten dut eternitaterako geratzea.”

Oraingoan lagunen belarriek atzeman zioten kantuon sonoritateari kutsu urbanoa, eta jaramon egin zien lagunei. “Hiria hitzetan dago, musika hiria baino lehen existitzen zelako. Hiria aitzakia izan da pertsonei buruz, guri buruz, hitz egiteko. Baina musikan ba omen zegoen kutsu hori, folk urbano gisa defini litekeen zerbait. Ez dira paisaia bukolikoak, baina berdin existitzen dira mendiak, basoak, neoiak eta tabernak. Inguru bakoitzak bere folka du. Nireak ez du gogora ekartzen belarra, baina badu gurea ere baden folk bat.”

“Orduan erabaki nuen kantu guztiek pertsonen izenak eta istorioak eramango zituztela, eta ahalik eta ikuspuntu anitzenekin. Horretarako zabaldu nuen idazleen abanikoa (5-6 idazle). Oso ezberdin idazten duen jendea dago, baina denek idatzi dute ni buruan nindutela. Ondorioz euren idazkera ere aldatu egiten zen, eta askotan zaila da jakitea norena den testu bakoitza; batasun bitxi bat lortzen da hala.”

Idaztearekin ere dibortziatu al zara? “Idazten ez dut disfrutatzen musika egiten bezainbeste. Ez dut trebetasun maila hori. Nire testuak askotan ez dira egon musikaren maila berean. Bi aukera nituen. Batzuek diote zintzoena dela norberak idaztea barruan duena. Baina emaitzari zer letorkioke hobeto? Nik idaztea eta emaitza hain ona ez izatea? Ala lan hori proposatzea nik baino askoz hobeto idazten duen jendeari? Eta emaitzaren alde jokatu dut, kantuaren alde. Garrantzitsua ez naiz ni, kantua da.”

Eternitate horren xerkan, ortodoxia guztiak ezabatu behar dira. “Nire ustez dena da aldagarria. Ez dago ezer ukiezinik, baldin eta emaitza hobetzen bada. Sortzearen hautuak dira. Badago jendea musika lehenengo toman baino ez duena maite. Badu bere xarma. Baina 20. toma ontzat emateak ere badu xarma, zerbaiten bila joan eta lortzen bada. Biak dira balekoak. Momentu batean jolas naiteke horrela izatera, ariketa modura. Baina hautua kontzeptuaren aldekoa izango litzateke, ez emaitzaren aldekoa. Ez dut halako ariketarik planteatu. Beti nago prest aldaketetarako, emaitzaren aldekoak badira.”

ibon rodríguez

argia
2018-05-25

komunikabideak

ahotsa, nire ibilbidearen atzerabegiratik
eremuak
2023-10-28
lau aukeraketa
pequeña antimateria
2023ko iraila
Killerkume taldeari elkarrizketa
argia
2019-01-20
'uhin' fanzinearen inguruko artikulua
entzun!
2018ko urtekaria
Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrenean
berria
2018-11-27
Elvis Costelloren kontzertuaren kronika
berria
2016-06-08
oskorri taldearen atzerabegirakoa, desegin zen unean
entzun!
2015eko urtekaria
enrike hurtadoren txalaparta softwareari buruz
entzun!
2015eko urtekaria

o

oskorriren agurra
badok
2015-06-25
imanolen omenen bilboko arriagan egindako kontzertuaren kronika
berria
2014-12-18
le larraskito klubari buruzko monografikoa
entzun!
2014ko urtekaria
luthier esperimentalaren inguruko dossierra
pop pilulak
2014ko negua
iñigo ugartebururen 'For the Unknown' diskoaz
entzun!
2013ko urtekaria
inazio escuderoren diskoaren inguruko erreportaia
entzun!
2013ko urtekaria
alvaro matilla 'brutus' musikariari elkarrizketa
pop pilulak
2013ko negua
hiru disko aukeraketa
mondosonoro
2013ko apirila
euskanta proiektuari buruzko artikulua
entzun!
2012ko urtekaria
xabier leteren ibilbideaz, hil eta urtebetera
entzun!
2011ko urtekaria
m-ak taldeari buruzko lan monografikoa, julen azpitarterekin baterea egina
entzun!
2010eko urtekaria
mikel laboari buruzko erreportajea, julen azpitarterekin elkarlanean
entzun!
2009ko urtekaria