«Laboaren omenez, Entzun!-ek musikariaren erradiografia egin nahi izan du, ez bakarrik artistaren barnera begiratuz, baita musikariarengan eragina izan zuten kanpoko kinadei erreparatuz».
Mikel Laboaren ibilbide osoan nabarmendu den ezaugarri nagusiena aurreiritzirik eza da. Horregatik antzeman daitezke bere lanetan hainbat eragin eta hain ezberdinak elkarren artean. Ezberdinak bai, baina funtsean parametro komun batzuk dituztenak orokorrean: bilaketa nahia eta askatasuna. Bere lorpenik handiena da horiek guztiak barneratu izana eta bere ukitua erantsi izana, lan trinko eta orijinala sortuz.
Laboaren lanean beti bereizi izan dira hiru bide: kantagintza zaharra modernizatzea; olerkari modernoen lanak musikatzea; eta Lekeitio izeneko lanetan biltzen diren esperimentuak. Baina ez dira, inolaz ere, bide burujabeak izan; elkarren artean hertsiki lotuta daude eta horregatik dira horrelakoak; bereiztezinak. Azaletik begiratuta, sonoritate, egitura, helburu, jatorri, adierazpide ezberdinak dituzte, baina elkarren ondoan bizi dira eta askotan gurutzatzen dira. Lekeitio-etan, esaterako, batzuetan kantu zaharrak eta olerki berriak agertzen dira; eta beste batzuetan, olerkarien kantu berri eta zaharrei, esperimentazioa gehitzen zien… horren guztiaren eta askoz gehiagoren batuketa zen Mikel Laboa.
Kantu tradizionala modernizatzen
Musikak inguratu zuen Laboaren bizitza hastapenetik. Familian tradizio handia zuten abesteko eta musika jotzeko. Abesbatzak/zortzikoteak eratze zale ziren, Gabonetan gehienbat. Horrek kantagintza tradizionalarekin eta klasikoarekin lotu zuen, baina bereziki musika ulertzeko, maitatzeko eta zaintzeko modu propioa eraikitzeko bidea eman zion
Hala, 50eko hamarkada hasieran Violeta Parra txiletarraren eta Atahualpa Yupanqui argentinarraren musikara gerturatu zen. Baita Amália Rodrigues portugaldarraren fadoetara ere. Haien kantu asko zekizkien, gitarrak lagunduta, eta gerora Atahualparekin berarekin ere kantatzeko aukera izan zuen Donibane Lohitzunen. Kutsu horretako musika jotzeari ekin zion gitarra eta ahots hutsean, era minimalistan batean, xumeki, arrandiarik gabe, baina aldi berean indarrez, ozenki.
Aipatutako artistekin batera, ezinbestekoa da gogoratzea Mixel Labegeriek garai hartan, 1961an, bere lehenengo diskoa argitaratu zuela, -berak egindako Primaderako liliak, Gaztedi Berria, Astoa Balaan eta beste bost kanturekin osatua-, euskal kantagintza berriaren aita bihurtuko zuena. Bi urte geroago aritu zen lehenengoz Laboa euskaraz jendaurrean, Zaragozan, bertan ikasle zegoela.
Bartzelonara joan zen bizitzera eta bertan bertatik bertara ezagutu zuen Nova Canço izeneko mugimendua. 50eko hamarkadaren hasieran Bartzelonan gazte batzuk Kataluniako kulturaren egoeraz kezkatuta, elkartzen hasi ziren kantatzeko, hitzak idazteko eta nazioarteko olerkiak eta kantak itzultzeko eta egokitzeko. Haien artean zeuden, besteak beste, Josep Maria Espinas, Miquel Porter eta Lluís Serrahima. 1958 inguruan katalanera itzulitako atzerriko kantuak biltzen zituzten lehenengo diskoak argitaratu zituzten. Lluís Serrahimak, gainera, Germinabit aldizkarian mugarri izango zen artikulua plazaratu zuen. Titularra argia eta zuzena zeukan: “Gaur egungo abestiak behar ditugu”. Horixe izango zen, ordutik aurrera mugimendu horren leloa; izan ere, katalanez abesteaz gain, modu zehatz batez kantatzeak eta kezka komun batzuek elkartzen zituzten artista guztiak. Kolektibo modura antolatu ziren Els Setze Jutges (Hamasei epaileak) izenpean. 16 kide horien artean zeuden Laboarekin harreman estua izango zuten Lluis Llach eta Francesc Pi de La Serra; Raimon valentziarra ere talde horretara gehitu zen. Laboak garai hartan Assentire de Grat kantua sortu eta grabatu zuen Salvador Espriuren hitzekin. Raimonek kantatzea nahi zuen baina ez zenez animatu Laboak berak plazaratu zuen 1994an. Garai horretan Raimonen Cançons de la roda del temps (1966) diskoa maite zuen bereziki. Espriuren testuetan oinarrituriko piezak biltzen ditu. Azala Mirorena da.
Horrela, Laboa Labegerie eta Nova Canço-ren arteko zubi bihurtu zen. Eta ez zen inolaz ere kasualitatea izan; 1965ean Zeruko Argia aldizkariak elkarrizketatu zuenean honako hau aipatu zuen: “garai batian beste ritmo batzuekin gertatu zan bezela, orain ere sortuko da euskal abesti berri eta berezi bat, latindarren eta anglosajondarren desberdiña. Bere seillo berezi bat izango duana esan nahi dut. Gainera bere gaia mamitsua izatea lortu behar litzake (alegia, problema espiritualekin, sozialekin ta…) tamala bai da jendeari iristeko, orrelako bide on bat alperrik galtzea.”
Helburua, hortaz, zehatza zen; katalanek egin bezala, modernizatu egin behar zen herriko musika, eta musika berria, gaur egungoa, sortu bertako ezaugarriei eutsiz.
1964an Laboa Marisol Bastidarekin ezkondu zen, bere ibilbide osoan lagun eta aholkulari bihurtuko zena bai bizitza pertsonalean, bai artistikoan. Urte horretan grabatu zuen lehenengo EPa, Azken, Baionako Goiztiri diskoetxeak argitara emandakoa. Lau herri kantaz osatua, Zeruko Argiak honela aurkeztu zuen aipatu elkarrizketan: Abeslari gazte onek aintziñako abestiekin osatu du bere eresorta. Baiñan aren abesteko erak eta gitarraren akordeak soñu zaharrak, esnatu bakarrik ez baizik eta gaztetu, era ontako aide berri bat ematen die.
Laboaren diskografia osoan agertzen dira herri kanta zaharrak. Horretarako berebiziko garrantzia izan zuten Ximun Haranek herriz herri grabatutako ahaireek. Haran pilotaria zen eta Iparraldeko frontoietan ibiltzen zen pilota jokoan. Gauean, herriko tabernan afaria bukatu bezain pronto, kantuan hasten ziren bertakoak. Konturatu zen abeslari bikain zenbait bazeudela eta balitekeela kantu haiek galtzea. Kezkatuta Alemaniara jo zuen eta Grunding grabagailua erositakoan herriz herri aritu zen herri kantak grabatzen, 50eko hamarkadan. Grabaketa horiek Club du disque basque (Baionako Euskal Museoak argitaratua) bildumaren bidez ezagutu zituen Mikelek, baita Ez dok Amairu taldeko beste kideek ere. Disko horiekin batera, Azkue eta Aita Donostiaren kantutegiak eta, bereziki, Jorge de Riezuren Flor de canciones populares vascas liburuak ezinbestekoak izan ziren.
Laboak, gainera, bazuen bere grabagailu propioa Haranen antzera, eta bertan bere kantuak eta herri kantak jasotzen zituen. Esaterako, liburuetan agertzen ziren kantu batzuk beste bariazio batzuekin ezagutu zituen Baztanen. Horiek grabatu eta batzuk 20 urte beranduago argitaratu zituen berak kantatuta.
Haranek Iparraldean bildutakoak ez ezik, esaterako Xori Erresiñula edo Haika Mutil, aukeratutakoen artean beste herrialdeetakoak ere badaude, adibidez, Oies errondan dabil (Bizkaia), Pasaiako herritik (Gipuzkoa), Goizuetan (Nafarroa) eta abar. Zenbait herri kanta disko bat baino gehiagotan agertzen dira.
Laboak asko lantzen zituen kantuak, -egunero jotzen zuen gitarra-. Konposatzerakoan, lehenengo olerkia aukeratu, hitzak egin, eta azkenik musika gehitzen zuen. Doinuak probatzen zituen (zuzenekoetan ere), zorroztu, doitu eta konpondu gustura geratu arte. Azken kasu horretan, denbora pasa ahala, doinuak indarra galtzen bazuen edo beste modu batera konpondu beharko zela irizten bazion, berriro grabatzen zuen, beste bertsio berri bat gauzatuz. Ez zuen ulertzen kantua bukatuta dagoen zerbait bezala, baizik eta bizirik dagoen zerbait bezala: kanta bat prozesu bat da, denborak ondu edo txartu dezakeena, interpretazio ugari jaso ditzakeena.
Hori guztia herri kantuei aplikatu zien hasieratik. Modernizatu egin zituen, baina bere bertsio berriak ere berrinterpretatzeko eta moldatzeko prest zegoen, gogoak hala eskatzen bazion, jakina. Bertsio ezberdinei begiratuta minimalismorako joera atzeman daiteke, urteak pasa ahala; doinuak gero eta biluziago aurkezten ditu. Beharrezko ez dituen ñabardurak ezabatuz eta hustasun eta isiltasunetik abiatuta ñabardura berriak emanez. Tenpoa mantsotuz eta airea emanez kantuei. Halaxe egin zuen Goizuetan kantuarekin 14 diskoan. Gauza bera esan daiteke olerkiekin sortzen zituen doinuen inguruan. Batzuetan kantua nota/soka bakar batekin jotzera ere iristen zen. Horrek, alde batetik, kantuari airea ematen dio baina, bestetik, tentsioa biderkatzen du, efektu bikaina erdietsiz.
Eta helburua anglosaxioek eta latindarren pareko musika berria edukitzea bazen, kantu berriak egitea ezinbestekoa zen. Horretarako atsegin zituen olerkarien hitzak aukeratzen zituen. Esan bezala, pixkanaka: olerkia aukeratu, musika jarri, melodiaz jantzi… Kantuari atsedena ere ematen zion, denboraren eraginari nola erantzuten zion ikusteko. Bereziki Lekeitioak ziren denbora gehien eskatzen ziotenak, berez, pieza luzeagoak eta trinkoagoak zirelako, oso landuak, alegia. Baina, beste doinuak ere mantsoki sortzen zituen. Diskografiari begiratzea besterik ez dago: 40 urte inguruko ibilbidean 11 disko luze eta lau EP. Kantu gutxi batzuk geratu ziren argitaratu gabe eta Lekeitio bat ari zen prestatzen hil zenean. Berak zioenez, Joxanton Artzeren Txoria Txori izan zen azkarren sortu zuena. Bitxia bada ere, Laboaren kanturik ezagunena.
Olerkiak musikatzen
Artze-ren olerki ugari musikatu zituen, hasiera hasierako Gogo eta Gorputzaren Zilbor Hestea, Baztan, Martxa Baten Lehen Notak (azken hori Laboak berak eskatuta, euskal doinu internazionalista bat egin nahi zuelako), Ama hil zaigu eta Geure Bazterrak. Harreman estua izan zuten. Ez Dok Amairu taldean ezagutu zuten elkar eta Baga Biga Higa ikuskizunean (sentikarian) elkarrekin aritu ziren. Ez dok amairu desegindakoan Ikimilikiliklik ikusentzunezko emankizuna sortu zuten eta Artzeren poemak eta Zumetaren margoak proiektatzen ziren. Horretaz gain, Artze txalapartari aritu zen Laboaren zenbait diskotan, Jexux anaia ondoan zuela.
Artzeren idatz tankera bikain egokitzen zitzaien Laboaren asmoei, bai kantu melodikoetarako, bai esperimentalagoetarako; izan ere, Artzeren olerkiak ez dira olerki hutsak. Soinu eta irudi ere badira, eskulturak, egiturak, eta, gainera, soinudunak. Hitz bakoitzak esanahi eta sonoritate egokia du. Laboak Gernika kantuari gehitu zion Artzeren kaligrama (ikusmen-olerkia) bat.
Halaber, Gabriel Arestiren hitz batzuei musika jarri zion Laboak hasierako urteetan: Egun da Santimamiña eta Apur dezagun katea doinuei, hain zuzen ere. Bere asmoen artean beti egon zen Aitaren Etxea olerkiari musika jartzea, eta jarri egin zion. Zuzenean ere probatu zuen, baina ez zuen inoiz grabatu.
Bertold Brechten eragin handia zuen Arestik, eta Laboak lehenengoaren testu asko aukeratu zituen bere kantuetarako. Haietako asko zentsuratuak izan ziren. Horren erakusle Bat Hiru lehendabiziko lan luzearen izenburua: Laboak iraupen luzeko lanak zenbakitu egin zituen modu korrelatiboan. Hala, estreinako lanak hirukoitza behar zuen, baina zenbait kantu zentsuratuta geratu ziren Brechten hitzak zirela eta. Ondorioz, diskoa laburtu eta formatu bikoitzean kaleratu zen. Azkenik, Bat-Hiru izenburua hartu zuen. Laboa bera debekatuta egon zen Gipuzkoan.Zentsurak gizarte osoa isolatu zuen. Alde batetik, edozein lan argitaratzeko askatasunik ez zegoen, baina bestetik, kanpotik etor zitezkeen musika eta artelanei ateak itxita zeuden. Horrek balio handiagoa ematen dio Laboaren bilaketa lanari.
Gauza askok erakartzen zuten Laboa Brecht-engana. Ez soilik testu hutsek, baizik eta horien azpian zeuden teoriek, artetik haratago doazenak, bizitzara, hain zuzen. Artearekin mundua eralda daiteke, pentsatzera behartu behar du arteak. Sentitu baino, artea hausnartu egin behar da. Urrunetik begiratzera bultzatu behar du, azalean, hunkiduran, geratu gabe.
Lekeitioak
Antzerkigintzarekiko interes handia ere izan zuen betidanik; dramaturgo aurrerakoi eta apurtzaileekiko interesa, zehatzago esanda. Alde batetik, Brecht-en lan sozial eta politikoa (antzerki dialektikoa); bestetik, Jerzy Grotowski poloniarrarena, “antzerki pobrea”, artifizio eta apaindurarik gabea eta esperimentala, aktoreen barne munduan murgiltzen dena eta berezkotasuna, modu espontaneoan aritzea, helburu duena.
Dadaismoa eta surrealismoa ere ezagutzen zituen, eta bereziki miresten zuen Tadeusz Kantor poloniarraren lana. Hitzei esanahia kentzen zien, soinuei esanahia ateratzen zien, edozein hitz baino adierazkorragoa izan daitekeelako irrintzi bat edo marmar bat. Horrek sekulako garrantzia du Laboaren lana ulertzeko. Bere buruaz hitz egiten zuenean esaten zuen oso txarra zela azalpenak ematen, eta bereak egiten zituen Isadora Duncan dantzariaren hitzak: “ondo hitz egiten jakingo banu ez nuke dantzatzeko arrazoirik izango”.
Hitzen eta hizkuntzen sonoritatea zuen gustuko. Horrela osatu zuen, esaterako, bere bigarren Lekeitioa, Baga-biga-higa, Manuel Lekuonak bildutako olerkia hartuta. Olerkiak ez du esanahi zehatzik, hitz eta soinu ezberdinak kateatzen ditu, horietako asko onomatopeiak, eta horiei inprobisazio luze bat gehitzen die, crescendo obsesibo bat, hain zuzen.
Lekeitio izena aukeratzeak ere arrazoi fonetikoak ditu azpian. Laboa txikitan herri horretako Gardata auzoan bizi izan zen eta Lekeitioko mintzairaren sonoritateak liluratuta zegoen. Sonoritate horretatik abiatu zen bere kantatzeko eta inprobisatzeko moldea eraikitzeko. Guztiz harrigarria da bere ahotsaren tinbreari ateratzen dion etekina edo adierazkortasuna, ahalik eta handiena, ahots joko ezberdinak eginez; bilaketa sakonaren emaitza. Adibide bat jartzearren, 6. Lekeitioa: Orreagako guduaren kontaketa berezia da, hitz zehatzik gabekoa. Kantua bare hasten da, gitarra errepikakor eta, zenbaitetan, disonante baten gainetik, ahotsa zenbait tonu eta ñabarduratatik igarotzen doa, gero eta indar gehiago hartuz. Bide horretan ahotsaren esplorazioak soinu berritzaileak ekartzen ditu bere musikara, eztarriarekin egindako hotsak, hasperenak eta irrintziak, besteak beste. Eta horren guztiaren artetik loratzen da Pastoralak gogora ekartzen dituen melodiatxo bat, berriro ere tradizioarekin lotzen duena.
Antzerkigintzarekin jarraituz, biziki maite zuen Roy Hart hegoafrikarraren antzerkigintza, ahots lanketan oinarritzen zena. Hart-en lanak gizakiaren barrunbeetara heltzea du helburu. Ez da musika hutsa, ezta antzerki hutsa ere. Bizitza-esperientzia bat zen: barrua askatzea eta norberaren gorputza ezagutzea. Roy Harten irakaslea izan zen Adolf Wolfson sendagile aritu zen gerran eta bertan ikusi eta entzun ahal izan zituen soldaduen oihuak eta aieneak. Hortik abiatu zuen antzerkigileak bere lana. Laboa ere esperientzia pertsonaletik abiatu zen. Haur psikiatria ikasia zuen eta umeen soinuak zein jarrerak aztertu eta baliatu zituen.
Laboak Hart ezagutu zuen hau Bilbora etorri zenean, baina ordurako eginda zituen ahotsarekin hainbat esperimentu, Gernika kasu. Laboa modu nahiko intuitiboan hasi zen bilaketa horretan, baina denborak aurrera egin ahala, esperimentazioaren esparruan aritzen ziren artistak aurkitzen zituen han eta hemen. Horrek nolabaiteko babesa sentiarazi zion.
Laboaren Lekeitio-rik ezagunena Komunikazioa-Inkomunikazioa izan zen. 1977an estreinatu zuen, eta aipaturiko antzerkia egiteko moldeekin lotura izan arren, berarentzat kantu autobiografikoa zen. Eszenatokian bi mikrofono agertzen ziren eta Laboa batetik bestera mugitzen zen. Aurkezpenak eginez ingelesaren doinua imitatzen, ume autisten keinuak eginez, bere txikitako kantuak abesten, Atahualparenak, Jacques Brel edota Bob Dylan imitatzen. Hori guztia osotasun baten barruan, eta dena oso neurtua eta aztertua.
Bere proiektu askotan artearen hainbat diziplina batzen zituen. Horrela egin zuten Baga Biga Higa eta Ikimilikiliklik emankizunetan zein Laboaren bakarkakoetan: olerkiak, Zumetaren margoak (diskoetako azaletan eta kontzertuetako atzeko oihalean), proiekzioak, antzezpenak, argien erabilera…
Musikalidadea
Musikalidadeari dagokionez, Laboa bere soinu unibertsoan bilaketa etengabean aritzen zen eta elementu berriak integratzeko prest zegoen beti. Hasiera batean gitarra eta ahots hutsean hasi zen. Ondoren, Joxe Mari Zabalarekin hasi zen. Bat-Hiru diskorako musikari gehiagoren laguntza izan zuen eta kantuak jantziago aurkeztu zituen, -kantuak eskatzen zionean soilik-. Esaterako, Pasaiako Herritik kantuan banjoa eta aho-soinua gehitu zituen. Izugarria da, esaterako, Zaude Lasai kantuan Zabalak jotzen duen gitarra elektrikoa, distortsioz eta akoplez gainezka, edo Brecht-en Langile baten galderak liburu baten aurrean kantuaren atzetik abiatzen den sintetizadore psikodelikoa. Kantu horretan berezi samarra da gitarra jotzeko erabiltzen duen modua, dentsoa, tentsioz gainezka.
Baina “ohikoak” diren elementu musikalak ez ezik, sanplerrak ere erabili zituen. Hona zenbait adibide: Komunikazioa-Inkomunikazioa Lekeitio-an Johan Sebastian Bach-en Pasioa-ren sanpler bat ageri da; Iturengo zanpantzarren soinuak “Gure Oroitzapenak” kantuan; eta 12 diskoko Cherokee kantuan Lekeition eta Larrainen grabatutako ahotsak sanpleatzen ditu bere ahotsaren azpitik, baita Cherokee tribuaren grabaketak. Zenbait urte lehenago ezagutu zuen Cherokee tribuaren musika, Bartzelonara bizitzera joan zenean hain zuzen, baita Australiako aborigenenena edota Inka tribuarena ere. Hasieran esan bezala, aurreiritziak ez ziren sartzen Laboaren munduan. Edozein iturritatik edateko prest zegoen, bere iragazkitik edozer pasatzeko prest. Esaterako, musika klasikoa entzuten zuen txikitatik. Laboatarrenean garai haietan ohikoena zen, eta konposatzailerik aurrerakoienak dastatuak zituen. Esaterako, 19 urte zituela Igor Stravinsky entzun zuen lehendabizikoz eta ondoren Arnold Schoenbergen musika eta dodekafonismoa ezagutu zituen. Biak ala biak abangoardiako ikurrak.
Dodekafonismoan ardatz-tonurik ez dago, nota guztiek dute balio berbera dute, horregatik esaten zaio “atonala” edo tonugabea. Tonuarekiko erabilera berritzaile horretaz baliatu zen Mikel bere zenbait piezatarako. Disonantziak sortzeko,eta belarrietan eta burmuinean ditugun ohiturak hankaz gora jartzeko… Nabaria da Lekeitio askotan ahotsa erabiltzerakoan, tonuen arteko loturarik ezan oinarrituta daudela, esaterako, bigarrenean, Gernika izenekoan hain zuzen. Baina gabezia hori tresna bat da bestelako sentsazioak lortzeko. Helburu zehatz eta kontziente bat du. Hala ere, kontrako teknika ere erabiltzen du, hau da, tonu bakarrean aritzea. Horren adibiderik garbiena da zazpigarren Lekeitio-an (Itsasoa eta lehorra) tartekatzen duen Xori erresiñularen bertsioa. Baina Lekeitioetatik at ere tonuarekiko jokoak erabili zituen. Esaterako Joseba Sarrionaindiaren Gure Oroitzapenak olerkiarekin sortu zuena. Kantua bilaketa bat da; melodia perfektuaren bila doan ibilbide bat: noraezean bezala hasten da, bide zantzu bat agertzen, eta azkenean, melodia “perfektu” hori aurkitzen duenean, eutsi egiten dio kantua amaitu arte.
Esperimentazioa
John Cage musikaria, musika esperimentalaren ikonorik ezagunena, funtsezkoa izan zen Laboarentzat. Ez hainbeste, uste den bezala, Cagen ekarpen musikalarengatik. Izan ere, Cagen berri izan zuenerako Laboa herriz herri zebilen Gernika edo Baga-Biga-Higa bezalako kantuak jotzen. Kantu horiek izan ohi zuten harrera ez zen beti ona izan. Zenbaitetan txistu egin zioten kantu arruntagoak jo zitzan eskatzeko. Horrek ez zuen inoiz Laboaren iritzia edo helburua aldarazi, Berak argi baitzeukan zer zen entzuleari transmititu nahi ziona, baina, nolabait babesik gabe sentitzen zen. Baina Cage eta antzeko artista esperimentalak ezagutu izana, ezinbestekoa izan zen Laboa bere horretan jarrai zezan.
Horren harira, 1972an Iruñeko Arte Topaketak egin ziren. Jardunaldi horien helburua zen, alde batetik, artearen azken joeren erakustaldia egitea eta, bestetik, Euskal Artearen berri ematea. Modu horretan garai hartako izenik garrantzitsuenak bildu ziren Iruñean historikotzat hartu izan ziren topaketetan. Guztira mundu osoko 350 artista izan ziren, haien artean Iannis Xenakis, Luis de Pablo, Luc Ferrari, David Tudor eta John Cage bera. Egun haietan ikusi ahal izan zuen Laboak Cage eta Tudor-en lana eta izugarrizko garrantzia izan zuen berarentzat babestuta sentitu zelako, ikusi zuelako ez zegoela bakarrik bere bidean. Esker oneko keinu gisa Laboak Cageri eskain izion 9. Lekeitioa, Mugak izenekoa. Cageri eta Camarón de la Islari, biak 1992an hil baitziren. Kantaren hasieran flamenkoaren bideetan barna abiatzen da eta ondoren piano minimalista batek hartzen dio lekua, John Cagen lan ugarietako bat gogora ekartzeko.
Armiarma sarearen ardatz
Piano pieza hori Iñaki Salvadorrek jotakoa da. Salvadorrekin 1984an hasi zen lanean eta ez ziren inoiz bananduko. Salvadorren garrantzia ez zen soilik musikala izango. Beti bere ondoan, elkarrengan konfiantza handia zuten eta konfiantza handia ematen zioten elkarri.
Garai horretan hasi zen beste olerkari batzuen testuak erabiltzen, besteak beste, Joseba Sarrionaindia eta Bernardo Atxaga. Eta horrekin batera beste musika estilo batzuk ekartzen bere lanera, esaterako tangoa (Lizardi), fadoa (Nao es tu facultade de sentir), jazza (Thelonious Monken Round Midnight kantuaren bertsioa), gitarra klasikoa (Daniel Fortearen Estudioaren bertsioa), baltsa (Oroitzen Zaitudanean, Ama, Joseba Tapiaren eskusoinuarekin) eta abar.
Ikusten denez, eragin, izen, kontzeptu askoren batuketa da Laboa, armiarma sare baten ardatza. Laboak jakin izan zuen eragin horiek eskertzen eta berak zor ziena aitortzen. Horregatik dira hainbeste bere diskografian azaltzen diren omenezko kantuak . Baina, aldi berean, Laboak ondorengo belaunaldiengan izan duen itzala ez da makala izan. Berarentzat Haika mutil bezalako kantuak zubi izan ziren moduan, Laboarenak zubi dira bere ondorengoentzat.
Horren adibidea da 1990ean Xabier Montoiaren ekimenez argitaratu zen Txerokee diskoa. Bertan 11 artistak Laboaren bertsio bana egin zuten. Haien artean, Montoiaren beraren M-ak taldea, Tapia eta Leturia, Delirium Tremens, Karkaxa, Su Ta Gar edota Negu Gorriak. Bitxikeria gisa, Muguruzatarren taldeak Gaberako Aterbea kantaren bertsioa prestatu zuen, eta kantu horren hitzetatik atera zuten Negu Gorriak izena. Hala ere, barka atrebentzia, baina Laboaren ekarpen osoari jarraipen logikoa, eguneratua, arriskatua eta sustraiei lotutakoa Azkoitiako Akauzazte taldea ematen ari zaio duela zenbait urte. Laboak, gainera, hainbat musikariren lanetan jarri zuen ahotsa (Kortatu, Oskorri, πLT, Oreka Tx, DJ Axular, Dut eta Fermin Muguruza, Naiz Roxa…) edo elkarlanean aritu zen, esaterako Lisabö-rekin. Pop musika ere asko maite baitzuen. 70eko hamarkadan Lou Reed, AC/DC, Rory Gallagher eta abar ikusi zituen zuzenean, eta azken urteetan, adibidez, Robert Wyatt maiz entzuten zuen.
Horrek argi adierazten du zabalik egon zela beti bizipen eta soinu berriak ezagutzeko. Izan ere, musika ulertzeko modu berezia da Laboak utzi duena. Ez da musika estilo bat. Herriarentzako musika utzi du; ez da bere musika, herriarena da. Urte batzuk barru Laboaren kantuak ez dira izango Laboarenak, “herrikoi” etiketarekin azalduko dira. Bere lorpenik handiena horixe baita, aurrera begira dagoen musika denon esku jartzea, elitismorik gabe, aldi berean popularra eta aurrerakoia.
julen azpitarte eta ibon rodríguez
irudia: txo!