Ornette Coleman ekainaren 11n hil zen. Oskorrik handik bost egunera iragarri zuen betiko utziko gaituela. Zilipurdi handia egin beharko nuke bi izen horiek testu honetan uztartzeko. Baina, hara, nire diskotekan gehien errepikatzen diren bi izenak dira. Ornette Coleman eta Oskorri. Hurbil-hurbil daude gainera, O letran. Orquesta de las Nubes eta Orthotonicsen ale bana baino ez dute tartean, zentimetro bat ere ez da izango haien artean.
Oskorri eta Ornette. Musika ulertzeko bi modu antagoniko dira, baina biek egiten dute bat nire baitan. Ados, Oskorrik ez zituen free jazzaren oinarriak ezarri, ez zuen Harmolodics metodoa asmatuta musikaren adar berri bat sortu. Baina Oskorrik musikari egin dion ekarpenen zorroa gainezka dago.
Oreka da Oskorri ondoen defini dezakeen kontzeptua. Hala iruditu izan zait beti. Makina perfektu bat. Ez zirudien inoiz ezerk huts egin zezakeenik. Denak zuen diseinu milimetriko bat, hari logiko bat. Eta hari horretatik orekan ibili izan dira beti.
Orekatua zen kantu berreskuratuen eta kantu propien arteko harremana, eta ez kopuruz soilik: kantu propioetan keinu argiak egiten zizkieten kantu eta dantza zaharrei, eta doinu zaharretan beren ekarpen propioak egiten zituzten. Hitzekin ere, doinu zahar emazurtzei hitz garaikideak jarri zizkieten, eta laurehun urteko testuak doinu berriz jantzi zituzten plazara jalgi zitezen, hizkuntza ere berrituaz.
Oso milimetrikoa denean diseinua, jotzaileek milimetrikoki jardun behar dute. Halakoak baitziren Oskorrikoen erreferenteak, garai hartan folk musikan ziharduten talde nagusiak: Bert Jansch-en Pentangle, The Watersons edo Chieftains irlandar ospetsuak. Esan gabe doa, irletako talde horien testuinguru musikala arras aberatsagoa zen Euskal Herrian bizi zena baino, adar gehiagotara zabaldua, iturri gehiagotatik edateko prest. Ez, Bilbokoek ez zuten formula hori asmatu, baina bete-betean asmatu zuten formula gurera ekartzen. Folk-rockean nagusi ziren tresnak fanfarreenekin uztartzen, eta bestelako tresna zaharrekin, propio egokituta beren kantuetarako; gaizki deitutako euskal tresnak —xirula, alboka, soinuak, gaitak edo ttun-ttuna— baina baita hemen aurretik erabili gabea izan zen tabla ere, Natxo de Felipek bikain jotakoa, hain presente Oskorriren lan gehienetan, eta hain oharkabean pasa dena.
Oharkabean pasa diren bezala Oskorrin ibilbide osoan aritu izan diren musikariak, trebetasun ikaragarria izan baitute denek, kantuen konplexutasun teknikoak aise gainditu dituzte, batere nabarmendu gabe, beti taldearen orekaren alde, taldetik Fran Lasuen, Kepa Junkera zein Jose Urrejola pasa diren arren, eta beste hainbat, gehienak tresna bat baino gehiago jotzeko gauza. Eta abesteko gauza, nahiz eta ahoskeraren arloan De Feliperen ahots exuberantea besteena baino perfektuagoa izan, fonetikaren eta prosodiaren zaintzaile zorrotzenak lasai uzteko modukoa. Eta tenor folkiaren indarraren ifrentzuan Anton Latxaren sutondoko ahots zahar leuna.
Ororen gainetik, ordea, kantuak daude, orain artekoa teoria izan da, diseinu milimetrikoaren mapa. Eta mapa hori abestiek marraztu behar dute; teknika perfektuak, ikerketa lanak, tresneriak, eraginek ez baitute berez musika ona egiten, itogarria suerta daiteke, orekatua izan arren. Hari horretan jakin izan zuten ibiltzen, aipatutako ekarpenei abesti bikainekin eutsi zietelako. Baina aldi berean, Oskorriren disko eta emanaldietan ezerk huts egingo ez zuen sentipenak hoztasuna transmititzen zidan, arriskuak hartzen ariko ez balira bezala. Jakin izan zuten sonoritate berezia eraikitzen, gerora sortuko ziren folk talde guzti-guztien itzala izango zena. Euren itzal propioa ere bai, formula bihurtu arte, egiteko molde itxia. In Fraganti (1986) izan daiteke disko mugarria zentzu horretan, nire faboritoa Oskorri (1979) da —esan behar nuen—. Geroztik, formulari helduz kapaz izan dira beste hamaikatxo kantu eder egiteko —30 urtean—, baina ez ordura artekoen mailarekin.
Orain, nostalgiak hartuko gaitu, honezkero hartuak ez bagauzka. Azken urteotan haietaz akordatu ez garen arren, taldeak gu hunkitzea lortu zuen azken aldia duela 40 urteko kantuak erreskatatu zituenekoa izan zen arren. Nostalgia. Bitartean, O apalategiko diskoak estutuko ditut, disko berriei lekua egiteko.
ibon rodríguez