ibonrg (sestao, 1978) musikariaren bakarkako ibilbideari 2006 inguruan eman nion hasiera. orduan, etxeko logelan sortutako hainbat pieza esperimental sortzen hasi nintzen orotariko musika-tresna eta objektuekin. sortu ahala webgunera igotzeaz gain, etxean grabatutako zenbait cd-r banatu nituen eskura, mp3-z gainezka (entzungai hemen logelakoak).
ordurako estua zen musikaren munduarekin nuen harremana: txikitatik euskal folklorearekin lotuta egon ohi diren tresnak jotzen nituen, eta 1999tik eten taldean abestu eta gitarra jotzen hasi nintzen.
bakarkako zuzenekorik ez nuen egin 2009ra arte, eta ordurako ahotsa bihurtua zen esperimentuotako instrumentu bakar, baina loopak eratzeko pedalak lagunduta. inprobisazioak zein aldez aurretik diseinatutako ahots-esperimentuak ziren ardatz. pixkanaka, ahots hutsean aritzeko moduko formatua landuz joan nintzen, inolako efekturik elektronikorik gabe.
2016an molde klasikoagoko kantuen formatuarekin hasi nintzen jolasten eta 2017ko apirilerako zuzenekoetan aurkezteko moduko hogei bat kanta nuen bilduta, kantagintza herrikoiaren moldea eta urteotako esperimentazioa nolabait uztartzeko. a capella sortutako kantuak izan arren, batzuei pianoa ezarri nien. ekain hartan bertan, hil zara izeneko disko bikoitza grabatzen hasi ginen, hainbat kobazulo, eremitorio eta bunkerretan.
bakarkako lana hamaika proiektu eta elkarlanekin gurutzatu da urteotan, eta elkar elikatu eta garatu dute. musika inprobisatuan (gargara, plu de mekanisms…) zein konposatuan (ah! [ahots hutsez], txaranga urretabizkaia…), ekoizpenean (mursego, xabier montoia…) zein kolaborazio puntualetan hainbat tresna joaz (jupiter jon, miguel a. garcía ensemble…), zinema zein antzerkirako musika (la herida, atzerrian lurra garratz…), irratirako zein idatzizkoetarako erreportajeak edo monografikoak (hala bedi, argia, pop pilulak…). lan horien eta datozkeen informazio zehatza duzu web honetan eta zerrenda honetan.
2021eko uztailean enrike hurtado musikariarekin batera argitaratu nuen den ‘oMOrruMU baMAt’ diskoa, joxan artzeren zenbait testutatik eta txalapartari egindako ekarpenetik tiraka abiatutako sormen-lana. proiektuak aurrera darrai, bere bide eta lengoaia propioa egiten eta pieza gehiago sortzen. haietako asko aukeztu dituzte, besteak beste, islandian egindako bira txiki batean.
Hiru urte beranduago, 2024an, eman dut argitara ‘iaquin vahu’ diskoa, euskaraz inprimatu zen lehen liburuko (Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae – 1545) olerki guztiak biltzen dituen disko-liburua. lanaren ernamuina da itxaro borda idazlearekin batera Euskaltzaindian egindako aurkezpen bat.