Durunda dagite hormek, kristalek, behegainak, sabaiak, lukanek, eskailerek, eskudelek, zaldainek, idulkiek, hesiek. Haiengan lehertzen diren hotsak noranahi sakabanatzen dira, espazioan barna, geroz eta apalago. Badira, ordea, saiatuagatik egundo apaltzen ez diren durundak.
Gogoaren durunda apaltzen saiatu arren, ozen dirau.
Durundarik ezak ere dardararaz gaitzake, izutu eta larritu; edo, zergatiek ez, otzandu eta lasaitu. Baina idorgiroan du lan nekezena ahoak. Baita belarriak ere. A capelako kantua elementuekin talka egin ahala da gorpuzten, eta orduan du bere traza zehazten, orduan da baldintzatuta sentitzen eta orduan ditu erabakiak hartzen.
Esan izan dut beldur diogula gure boza entzuteari, eta izu hori areagotuz doa benetan biluzik eztanda egiten digunean, beste ezerekin talka egin aurretik tinpanoarekin bat egitean. Arrazoi akustikoak eman nitzake, baina ez dut uste hor datzan soilik gure dardara.
... lurra izigarri oro ikharaturik,
zuhamuiek dakartela odolezko izerdi
tenpestatez, igortziriz, aire oro samurrik
mendi eta harri oro elgar zatikaturik
mundu oro jarriren da suiak arrasaturik
Eta beharbada izu horrek akuilatuta egin ohi ditut hautuak. Bunker, zalditegi, leize, eremitorio, garage, ur-tanga erraldoi, tunel, elizetan. Horietan filmatu izan ditut nire bozak, horietan faltsutu ditut nire kantak. Egia bilatzearen estakuruan, betiere.
hotsa doilorra, merkea zen
Beldurraren sendatzeko eraiki ziren elizak, arima eta belarriaren sendatzeko, goratasunean aurkituko zutelakoan egia. Oteiza Museora Sainz de Oizak sarrarazi zuen argiak ere gezurraz janzten ditu bidean aurkitzen duen oro, gure egiak eraiki ditzagun bere egietatik. Gezurrez gezur jardungo dut nik ere, beharrik, inprobisaturik zein konposaturik, agerian zein ezkutuan, xuxurlaka zein aldarrika, tonal zein atonal.
kaperen zimenduak dardararaziko badituzte nire otoitzen orpoek, dantzatu bitez