prentsa (pdf) euskara castellano català english
eau d’hommage
urrinik jaulkitzen ez duten diskoak badiren bezala -“zeren urrina dute urrinik ez duten gauzek?”, galdetzen zuen poetak-, badira omenaldi urrin sarkorra jaulkitzen dutenak. eau d’hommage. omenaldi, zeinaren atzean beti baitago pertsona bat, zeina izan nahi den, eta barka erredundantzia, omendua -zera abstraktuagoak ere omentzen dira, adibidez aberria, nekez ulertzen dudan gauza: ez dago omenaldiaren ohorerik jasotzen duenik; ez ote diren omenaldi horiek, beraz, neurri batean auto-omenaldi-. edo, pertsona bat baino, pertsona gehiago, inor omentzeko, omendu nahi den pertsonaz gain, omendu nahi duen pertsona bat ere egon behar baita. edo omendu nahi den eta omendu nahi duen pertsona bat baino gehiago, eta hartara omenaldia bilakatzen da bakanal, ez derrigor haragizko -izan ere, halakoak gehienetan izaten dira izpirituzko, are zuzenean zerutiar-.
ezer baino lehen esan idazle erabat omengarria dela joxan artze (1939-2018): abangoardiako poeta lehen liburuetan -nondik hartuak izan diren disko honetan bildutako testuak-, poesia bestelako diziplina artistikoekin nahasteko prest, batzuek kokatu nahi izan dute poesia bisuala deitu izan den mugimendu batean -etiketak berriz ere, ez dugu ikasten-. poesia musikala ere izan zitekeen, kontuan hartzen bada zenbat jendek musikatu dizkion poemak -mikel laboak haragiztatzen ditu denak, “gernikako arbola” ez, “txoria txori” ereserki nazionalaren sortzaileak: baionako errugbi jokalariek ere abesten dute, eta letra herrikoia dela uste arren, artzerena berarena dukegu-. korrontearen kontra beti, ezein modaren gainetik, berrituz, bilatuz, bidea irekiz aihotza eskuan poesia ofizialaren oihan itxian barrena. batzuetan esperimental (“edipo berriari”) edo/eta politiko-sozial (“amaren sabela”), beste batzuetan liriko (“euria bezain garden”) edo/eta pikante (“atso otsoa”). rara avis bat, baina osotoro garaikide.
bestalde daude omentzaileak, biga, ibonrg eta enrike hurtado, ibilbide luzekoak biak musika-baitan, egun batez elkartzea erabaki zutenak gure poeta handia omentzeko. ibonrgk jarraipena eman dio hemen “hil zara” (repetidor, 2019) bere lehen diskoarekin irekitako bideari, landuz ahots biluzi nahiz pianoarekin beztitua; eta enrike hurtadok, bakarkako azunak eta bazterrak proiektuetan bezala, berak garatutako softwareekin esperimentatzen segitzen du. emaitza diren piezak, hamaika, oso dira askotariko: a capella organikoenetik, instrumental elektronikoraino, protagonismo berezia hartzen duela txalapartak -joxan eta jexux artze anaiek arterako erreskatatu zuten instrumentuak-, antzinako moldean emana -egurrezko ohol bakarrarekin-, enrikek sorturik softwareetatik pasata -soinua txikituz eta berrosatuz-, are txalapartaren gisan joz pianoa -chick corea defuntuaren ahaire batekin-. eta hala gauzatzen da omenaldia, zeina ez datzan esatean ze ona, ze altua, ze goapoa zaren, ze bibote ederra daukazun. abiapuntu den omenaldia, inspirazio, gauzatxo batzuk hartzen dizkizut nik, baina beste gauzatxo batzuk egiteko, ez zureen kopiak, beste berri batzuk baizik, inspiratuak, gutxi-gehiago, zureetan.
sorkuntza ekintza oro baita, funtsean, birsorkuntza bat: inork ez du ezer sortzen, eta barka bigarren erredundantzia, ezerezetik. sorkuntza ekintza oro litzateke, hartara, omenaldi bat, eta disko hau da, hain zuzen, joxan artzeri egindakoa, (haren) poesiari, (haren) bilaketa etengabeari, (haren) konformismo ezari. eta da, azken buruan -eta funeraria bateko eslogana iruditu arren-, bizitzari egindako omenaldi handi bat. eskerrik asko, beraz, omendu eta omentzaile, hainbeste emateagatik.
aritz galarraga